Gure txistu bakarlariari egindako elkarrizketarekin uzten dizuegu.
- Izen Abizenak: Peio Irigoyen Boda
- Jaioterria: Irun
- Hobby bat: Brikolajea
- Bazkari bat: “Gilda” pintxoa
- Edatekoa: Garagardo on bat
- Animali bat: Ez naiz bereziki animali zalea, baina birigarroa esango nuke
- Liburu bat: Amaren eskuak, Karmele Jaiorena
- Film bat: Coco
- Kolorea: Berdea
- Tokia: Etxalar
Zergatik hasi zinen txistuarekin? Noiz erabaki zenuen Musikan haritzea?
Ba egia esateko txistua jotzen kasualidadez hasi nintzela esan nezake. Irungo musika eskolan instrumentua aukeratzeko garaia heldu zitzaidan eta momentuan tronpeta besterik ez nuen buruan, baina gazteegia omen nintzen instrumentu hura aukeratzeko eta zabaldu zitzaizkidan aukeren artean txistua zegoen. Urtebeteko saiakera egingo nuelakoan hasi nintzen eta gaur arte, baina tronpetaren ideia ez zitzaidan burutik joan eta gaur egun bi instrumentuekin nabil burubelarri.
Musikari izateaz bizi naiz eta momentuz musikaz bizi nahi dudala argi xamar daukat. Musikari izateko modu ezberdin asko dago, oholtza gainean, irakaskuntzan, proiektu berriak sortzeko ahaleginak egiten… guztiak dira interesgarriak, eta ezberdinak izan arren, guztiek dute zer eskeini. Nire burua aurrerantzean bata eta besteak uztartuz ikusten dut, hala ere ez da beti horrela izan. Duela urte batzuk metalaren sektoreko enpresa batean nenbilen lanean, musikaren mundura salto egitea erabaki nuen arte, nire barnean geroz eta ozenagoa zen ahots bati erantzunez edo. Orduan izan zen Musikene eskolan matrikulatu eta txistuko goi mailako ikasketak hasi nituenean eta aurtengoa 4. eta azken ikasturtea dut.
Kontaiguzu, zertan zabiltza azken bolada honetan?
Txistu ikasketen azken kurtsoa izanda, gehienbat etapa honi amaiera txukuna emateko saiakeran nabil zentratuta, gradu amaierako lana osatu, errezitala prestatu eta horrelakoetan. Oiartzungo Soinuenea eskolan irakasle lanetan ere banabil, txistu eta dultzaina erakusten ditudalarik. Eta gelditzen zaidan denbora apurrean Irungo Burrunba elektrotxarangarekin, Tolosako Iraunkorrak txarangarekin eta Kemen dantza taldearekin batean eta bestean aritzen saiatzen naiz. Azken momentuan suertatzen diren kontzertuentzat tarteren bat topatzea egia esan kosta egiten zait!
Tronpetarekin hasi zinen gure bandan eta orain, txistuarekin bakarlari moduan izango zaitugu. Zer sentitzen duzu?
Garai hartan 16 urte zituen Peio tronpeta jolearentzat oso momentu berezia izan zen herriko bandan sartzeko unea, hala oroitzen dut behintzat! Bertan musikaz gozatzeaz gain lagun handiak egin ditut, eta benetan ohore handia da igandean eskainiko dugun kontzertu berezirako nitaz akordatu izana, kasu honetan txistuarekin. Tronpetarekin bakarlari moduan aritu banaiz ere, lehen aldia izango da oholtza gainean Irungo bandaren aurrean txistua jotzeko aukera izango dudana.
Mezuren bat gure publikoarentzat?
Gehiegi luzatu gabe Irun eta inguruetako jende guztiari igandean Amaia antzokian 12:30tan eskainiko dugun kontzertu berezirako gonbitea zabaldu nahiko nieke. Irunen musika banda zoragarria dugu, urtean zehar maila bikaineko kontzertuak eskaintzen dituena, eta igande honetan gonbidatu berezi bezala adiskide dudan Andrea Nicolás gitarrista eta ni neu izango gara bandari beste kolore bat ematen. Animatu eta etorri musikaz eta txistuaz gozatzera!